Skip to main content

Kode Etikoa

1.- Helburua, aplikagarritasuna eta irismena

Kode etiko honen bidez, Bitoriano Gandiaga Fundazioak (Oteitza Lizeo Politeknikoa, aurrerantzean, Oteitza) bere gain hartu dituen jokabide eta konpromezu nagusiak jasotzen dira. 

Kode etiko honek ondoko interes taldeak eta pertsonak lotetsiko ditu:

  • Bitoriano Gandiaga Fundazioa erakundeko Zaingo Batzordea eta Partaidetza Batzordea
  • Oteitzako Zuzendaritza Taldea
  • Oteitzan ardura postua duten langileak
  • Oteitzako langile guztiak
  • Oteitzako ikasleak, haien familiak eta erabiltzaileak
  • Oteitzako egoitzan lan egiten duten kanpoko enpresak eta langileak
  • Oteitzako egoitzan ari diren praktiketako ikasle, dual, bekadun eta gainerakoak
  • Oteitzarekin harremana duten hornitzaileak, Administrazioa eta gainerako bezeroak

Kode hau Zaingo Batzordeak eta Zuzendaritza Taldeak babesten dute, eta Betearazpen Batzordeak du betetzen dela gainbegiratzearen ardura, horretarako sortua baita. 
Oteitzaren asmoa bertako langile guztien jokabidea legearen araberakoa izatea da, profesionala, etikoa eta arduratsua, parte hartzen duten edo eragiten duten interes talde guztien aurrean, Oteitzaren izen ona eta sinesgarritasuna ez galtzeko eta indartzeko beharrezkoa baita.

2.- Onespena eta zabalkundea

Kode Etikoa Zaingo Batzordeak onetsi zuen, 2024ko otsailaren 28.
Zabalkundeari dagokionez, Zuzendaritza Taldeak Kode Etikoa 2024ko otsailaren 28 jaso eta idatziz onartu zuen. Langilegoak, aldiz, 2024ko martxoaren 13an jaso zuen Compliance edo Betearazpenaren informazio saioa, ondoren Kode Etikoa idatziz onartu zutelarik. Langilegoak Intranetean eskuragarri du dokumentazio guztia (“Oteitzaren Compliance osatua”).
Oteitzan sartzen diren langileek kode hau jasoko dute beren lan-kontratuen eranskin gisa, eta, sartu aurretik, berariaz onartu beharko dute. 
Oteitzaren Kode Etikoa eta bere aurkako urraketak salatzeko kanalak, web orrian publikatu dira 2024ko martxoaren 14ean, gainerako interes taldeen eskuragarri.
Jasotako salaketa guztiak konfidentzialtasunez tratatuko dira.

3.- Oteitzaren misio, bisio eta baloreak, eta kode etikoarekin lerrokatzea

Bitoriano Gandiaga Fundazioaren estatutuetan aipatzen den bezala, Fundazio honek hezkuntzan dihardu, giza-balioen eredua, euskara eta euskal kulturaren sustapena helburutzat hartuta, eskualdeko garapen tekniko, ekonomiko eta sozialaren sustapenean parte hartuz.
Hezkuntza jarduerez gain, helburu berdinak izan ditzaketen bestelako erakundeekin elkar ezagutza sustatu, gizartean baztertzeko arriskuan dauden pertsonen laneratu, eta oro har, Fundazioaren helburuak betetzeko interesgarri diren mota guztietako jarduerak garatzen ditu.

Fundazioaren helburuak jakinik, Oteitzak bere egin ditu ondoko misio, bisio eta baloreak:
1.- Misioa (eginkizuna)

Oteitzaren helburua, ikasleei derrigorrezko bigarren hezkuntza ondorengo heziketa arautua eta ez arautua eskaintzea da, hauek goi mailako ikasketetan aurrera egin dezaten, lan munduan txerta daitezen, edo bizi osoko etengabeko formazioa jaso dezaten.
Gure nortasun-ezaugarriak honakoak dira:

  • Arreta pertsonalizatu bat duen kalitatezko hezkuntza sistema
  • Giza baliabide eta baliabide material eguneratuak
  • Egitura parte hartzailea
  • Berrikuntza teknologikoan eta enpresa sare zabal batean oinarritutako Lanbide Heziketako urteetako tradizioa
  • Kudeaketa sistema bateratua.
  • Ingurumenarekiko jarrera hobetzeko konpromisoa
  • Garapen jasangarrirako helburuak lortzeko konpromisoa

2.- Bisioa (ikuskera)

Oteitzak berrikuntza pedagogiko eta teknologikoengatik, digitalizaziotik,  bere lanaren eraginkortasunagatik eta bezeroei emandako kalitatezko zerbitzuagatik nabarmendu nahi du; eskualdeko eragileekin harremanak sustatuz, etengabeko hobekuntza eta bikaintasun bidean.


3.- Baloreak (printzipio etikoak)

  • Errespetua pertsona, ingurumena, instalakuntza eta bitarteko orori, tentsio eta gatazkak elkarrizketa bidez eta indarkeriarik gabe konpontzeko jarrera azalduz.
  • Pertsona guztienganako konfiantza, bere balore eta garapen pertsonalaren oinarri askatasuna, solidaritatea eta ardura direla kontutan izanik.
  • Gure lanpostuan eta gizartearen zerbitzurako beharrezko konpetentziak lortzeko ardura, aukera eta bide ezberdinak aprobetxatuz. 
  • Euskal kulturarekiko konpromezua, euskal hizkuntza eta kulturaren erabilera, garapen eta defentsa bultzatuz, gure herriaren nortasunaren adierazpen eta bere biztanleen eskubidea delako.

Kode etiko honek, Oteitzaren misio, bisio eta baloreak aintzat hartzen ditu, eta Oteitza osatzen duten interes taldeen jokabideek, misio, bisio eta balore hauen babesle izan behar dute.

4.- Printzipio eta konpromezu etikoak

Kode etikoaren eraginpean dauden pertsona guztiak zintzoak, eraginkorrak eta profesionalak izan behar dute bere laneko portaeran, legea betez, jarrera arduratsua eta erantzukizunezkoa azalduz, eta Oteitzaren balio etikoekin konpromisoa hartuz.
Oteitzako langile, ardura duten pertsona, zuzendaritza kide, organo gorenetako kide eta hirugarren guztiek ezagutu, errespetatu eta bete behar dituzte printzipio hauek, eta beren jarduera guztietan barneratu eta islatu behar dituzte.
Oteitzaren kode etikoak printzipio hauek ditu bere oinarri: 

Legezkotasuna

Legeak eta barne araudiak zorrotz bete behar dira, baita indarrean dauden prozedurak eta politikak ere, eta ez da legez kanpoko jardunbiderik ezta araudiaren ez-betetzerik ere onartuko.
Legez kanpoko egoera bat hautematen bada, bere berri eman beharko da, dagokion kanalak erabiliz. Langile edo hirugarren batek legez kanpoko jarduera, arau-hauste edo araudiaren ez-betetze bat salatzen badu, ez da haren aurkako inolako errepresaliarik onartuko.
Barne araudian eta prozeduretan aldaketa edo hobekuntza beharrak identifikatzen badira, dagokion arduradunari proposamenak luzatzeko aukera izango da.  

 

Errespetu, zuzentasun eta duintasun erabatekoa, langile, laguntzaile, hornitzaile, eta Oteitzari lotutako gainerako hirugarrenekiko tratuan

Erabateko errespetua azalduko zaio pertsonaren duintasunari eta eskubideei. Errespetuzko tratua bakarrik onartuko da eta diskriminazioa debekaturik dago. Errespetua pertsonen berdintasunari eta aniztasunari, edozein motatako diskriminazioak irmoki baztertzen direlarik.
Gardentasuna, adeitasuna eta profesionaltasuna jorratuko da, jarduera guztien garapenean, lan harremanetan eta interes-taldeekiko harremanetan, giro atsegina eta segurua sortzeko, pertsonak beren onena ematera animatzeko eta gizarte-giro egokia eta errespetuzko bizikidetza lortzen laguntzeko. 

Oteitzak, bai barne bai kanpo jarduera eta harremanetan, erabat eta etengabe errespetatuko ditu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubideak eta askatasun publikoak. Ikastola izanik, adingabeen babesa irmoki defendatuko dugu.
Oteitzak bere esparru guztietan lankidetza eta talde lana bultzatu, ahalbidetu eta sustatzen ditu, erakundearen gaitasunak, baliabideak, ezagutzak, trebetasunak eta esperientzia ahalik eta ondoen aprobetxatuz.
Ez da onartuko Oteitzako langileen edo harekin lotutako hirugarrenen kontrako jokabide iraingarririk, intimidaziozkorik, diskriminatzailerik, maltzurrik, umiliagarririk, mespretxuzkorik edota jazarpenezkorik. Pertsona eta entitate guztiak diskriminaziorik gabe eta zuzentasunez tratatuko dira, eta debekatuta dago haietako inori informazio pribilegiatua eta mesede-tratua ematea.
Horrelako jokabideak hautemanez gero, salatu egingo dira. 

Hautaketa, sustapena eta ebaluazioa

Oteitzak trebetasun eta gaitasun irizpide objektiboak ezarriko ditu langileak hautatu eta sustatzeko. 
Hautaketarekin eta sustapenarekin lotutako erabakiak merezimenduan eta baldintza eta balorazio objektibo eta gardenetan oinarrituta egongo dira. Langileek ezagutu egin beharko dituzte garapen eta aurrerapen profesionalerako erabiltzen diren metodologia eta prozedurak
Oteitzak konpromisoa hartzen du beharrezko bitartekoak jartzeko, bere pertsonei ikasten eta prestatzen nahiz ezagutzak eta gaitasunak eguneratzen laguntzeko, beren karrera profesionalean aurrera egin dezaten, eta ahalik eta balio-ekarpenik handiena egin dezaten, ikasleen, lankideen, Oteitzaren eta, oro har, gizartearen mesedetan.

Gardentasuna, zuzentasuna eta profesionaltasuna jarduera guztien garapenean eta harremanetan:

Oteitzako kide guztiak etikan, zintzotasunean, profesionaltasunean eta gardentasunean oinarrituko dituzte beren arteko zein hirugarrenekiko harremanak.

Finantza-informazioaren fidagarritasuna

Ezin dira faltsutu, ezkutatu edo simulatu kontabilitateko datuak, idazpenak eta eragiketak, eta ezin da kontabilitate bikoitza izan, helburua bada ordainketak ez egitea edo legez kanpoko mozkinak lortzea, Ogasun Publikoaren edo Gizarte Segurantzaren kaltetan. 
Kontratatutako eragiketak zehatz-mehatz eta zorrotz kontabilizatuko dira, eta irizpide bera erabiliko da eskatutako artxibo eta erregistroekin. Kontabilitatearen ardura duten langileek Oteitzaren ondarearen eta finantza egoeraren irudi fidela hartu behar dute aintzat, kontabilitate-informazioa egitean.
Une oro egokitzat jotzen diren barne-kontrolak eta kudeaketa-sistemak ezarriko dira, finantza-informazioaren fidagarritasuna eta erakundearen erregistroen zehaztasuna bermatzeko.

Lehiakideekiko harremanak

Lehia legezkoa eta zintzoa egingo da, lehiakideak diren pertsona edo erakundeei inolako kalterik egin gabe. Debekatuta daude lehia desleialaren jardunbideak, eta aktiboki zainduko da Oteitzak bere jarduerak egiten dituen herrialdeetan lehia defendatzeko aplikagarriak diren legeak betetzen direla.

Hornitzaileekiko harremanak

Oteitzako langileek harreman etikoa, legezkoa eta errespetuzkoa izango dute ondasunen eta zerbitzuen hornitzaileekin.
Oteitzarentzat lan egiten duten hornitzaileek konpromisoa hartu beharko dute, kontratatuta dituzten langile guztien giza eskubideak eta lan eskubideak errespetatzeko.
Erosketa eta hornikuntza jardueretan, zorrotz beteko dira indarrean diren arauak eta prozedurak. Esparru horretan hartutako erabaki guztiak onetsi egin behar dira; hau da, justifikagarriak, frogagarriak eta egiaztagarriak izan beharko dute, hirugarrenek edo Oteitzako kontrol departamentuek berrikusten badituzte.
Oteitzako langileak, Oteitzako hornikuntza katearen inguruan ezarritako baldintzei buruzko informazio komertzialki sentikorra babestera behartuta daude.
Oteitzako langileek ezin dute oparirik, gonbidapenik, hobaririk, mesederik edo ordainik eskaini, eman, eskatu edo onartu, ez zuzenean ez zeharka, ez eskudirutan, ez jenerotan, baldin eta hauek eragina izan badezakete erabakiak hartzeko prozesuan, harreman profesionalen objetibotasunean edo / eta inpartzialtasunean, Oteitzaren aldeko konpromiso bat edo mesede bat itzultzeko beharra sortzen badu, eta/edo iruzurra, legezkotasunik eza, jardunbide ez etikoak edo hirugarrenentzako kaltea ekartzen badute.
 Zerbait jaso bada, itzuli egin beharko da; itzuli ezin bada, oparia Giza Baliabideen departamentuari emango zaio, interes sozialeko helburuetarako erabil dezan. Giza Baliabideen departamentuak jokabide hori izan duten konpainia guztien artxibo bat sortuko du. Salbuespen gisa, hainbat opari ematea eta onartzea baimenduko da, hala nola, balio ekonomiko oso txikia edo sinbolikoa dutenak, kortesiazko edo publizitate opariak badira, eta legeak edo oro har onartuta dauden merkataritza jarduerek debekatuta ez dauden opariak.

Bezeroekiko harremanak

Bere jarduerak garatzean, Oteitzako langileek modu zintzoan jokatuz sustatuko dute Oteitzaren eskaintza, haren baldintzak eta ezaugarriak faltsutu gabe. Sustapen jarduerak argi eta garbi egingo dira, ikasle eta familia bezeroei edo hirugarrenei nahastea eragin diezaiekeen informazio faltsurik eta engainagarririk eman gabe. Marketing arduratsua gauzatuko da.
Oteitzak uneoro bermatu behar du datuak isilpean eta babestuta gordeko direla. Langile guztiek indarrean dagoen legedian eta barne araudian datu pertsonalei buruz ezarritako segurtasun prozedurak bete behar dituzte. 
Hirugarrenekiko harreman guztiak gardenak, zuzenak eta profesionaltasun baldintzak betetzen dituztenak izango dira, ustelkeria jarduerak erabat debekatzen dituelarik, eta langile, zuzendaritza kide eta organo gorenetako kide guztiek nahitaez modu horretan jokatzeko betebeharra dutelarik.

Agintariei laguntza ematea

Oteitzak eta bertako langile, zuzendaritza talde eta administrazio organoetako kide guztiek laguntza emango diete —behar bezala eta arduraz— agintariei, justiziari, erakunde publiko arautzaileei eta gainerako erakunde 
publikoei, eragozpenik eta trabarik jarri gabe, eta okerrik edo ez-egiterik sortu gabe. Gainera, dituzten harreman guztietan lana erraztuko diete, eta beharrezko eta/edo nahitaezko informazio guztiaren berri emango diete. 

Interes gatazkak

Interes gatazkak saihesteko, langileek, zuzendaritza kideek, ardura duten pertsonek eta Oteitzako organo gorenetako kideek ez dute interes ekonomikorik izango, eta ez dute jarduerarik egingo, Oteitzarekin zerikusia duten enpresa edo erakundeekin. Halakorik gertatuz gero, Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio, lege-aholkularitzarekin batera ebaluatu eta beharrezkoa balitz, dagokion neurriak har ditzan. 
Debekatuta dago pertsona batek, Oteitzan duen posizioaz baliatuta, Oteitzaren baliabideak, botereak, eragina edo gainerako erraztasunak erabiltzea, bere onurarako edo bere ingurune hurbileko norbaiten onurarako. Halaber, guztiz debekatuta dago Oteitzaren izenean edo Oteitzaren kontura jardutea, aldez aurretik baimena lortu gabe, bere mesedetan edo bere ingurune hurbileko norbaiten mesedetan.

 

Oteitzaren aktiboak erabiltzea

Oteitzak langileen esku jartzen ditu jarduera profesionalerako behar dituzten baliabideak, adibidez, telefonoa, tableta, eramangarria, Internet-konexioa, posta elektronikoa, ibilgailuak, tresnak, laneko arropa eta abar. Beraz, langileek helburu profesionaletarako soilik erabiliko dituzte enpresaren baliabideak, eta egoki, arduraz eta efizientziaz.
Oteitzako langileek beren esku utzitako ekipamendu informatikoak ez dituzte legez kanpoko programak, aplikazioak edo edukiak instalatzeko edo deskargatzeko, Oteitzaren arauak urratzen badituzte edo haren ospeari kalte egin badiezaiokete.
Oteitzako langileen ardura da instalazioak eta ekipamenduak egoera onean izatea, haien balio bizitza luzatzeko eta istripuak saihesteko.

Intimitatea, datuen babesa eta isilpeko informazioa

Langileen eta hirugarrenen intimitaterako eskubidea errespetatuko da. Datu pertsonalen eskaerari eta tratamenduari dagokienez, Oteitzaren ohiko jarduerarako eta aplikatu beharreko araudia betetzeko ezinbestekoa den informaziora mugatuko dira. 
Oteitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, dauzkan datu pertsonalen konfidentzialtasuna zaintzeko, eta datu horien tratamendua eta datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko zein ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak arlo horretan indarrean dagoen legediaren arabera gauzatzen direla bermatzeko. 
Oteitzak konpromisoa hartzen du hirugarrenen jabetza intelektual eta industriala babesteko.
Oteitzaren jardueran, ezagutza eta informazio komertzialak sor daitezke, eta horien balioa zuhurtzian datza, neurri handi batean. Oteitzako langileek diskrezioz eta profesionaltasunez erabiliko dute eskura duten informazioa, isilpean gordeko dute beren lanaren edukia, eta ez dituzte beren mesederako erabiliko beren jardueran lortutako informazioa, datuak edo dokumentuak.

Osasunarekiko, segurtasunarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa

Oteitzak beharrezkoak diren jarduera planak ezarriko ditu bere jarduerarekin lotutako arriskuak behar bezala kudeatzeko eta arintzeko. Plan horiek aldian-aldian berrikusiko ditu, eta mantentzeko eta hobetzeko behar diren baliabideak jarriko dira.
Istripuak prebenitzea eta jardueraren garapenean segurtasuna bermatzea ezinbestekoak dira, Oteitzaren ohiko jarduerarekin batera. Langileei eta harreman zuzena duten hirugarrenei (ikasleak) prestakuntza emango zaie beren zereginak behar bezala bete ditzaten, segurtasunari dagokion garrantzia emanez. Halaber, segurtasun hori bermatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko dira
Oteitzak Lan Arriskuen prebentzio plan bat du, osasunarekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa betez.
Oteitzak baliabide naturalak errespetatuz gauzatuko du bere jarduna, eta ingurumenaren, biodibertsitatearen eta interes ekologiko, zientifiko edo kultural berezia duten espazioen kontserbazioa sustatuko du.
Zorrotz errespetatuko da ingurumenaren arloko legedia, eta prozesurik eta teknikarik egokienak erabiliko dira jardueraren arriskuak identifikatzeko, jarduerarekin lotutako ingurumen alderdiak kontrolatu eta txikitzeko (hondakinak, isurtzeak, atmosferarako emisioak…), eta zerbitzua ematean sortzen den ingurumen erantzukizuna bere gain hartzeko.

 

Aplikagarriak diren konpromezuak eta printzipio etikoez gain, Oteitzak hurrengo barne arauak ezarriak ditu: 

  • ISO 9001
  • ISO 14001
  • Emakume eta gizonentzako aukera-berdintasuna sustatzeko plana
  • Prebentzio Plana
  • Jazarpenaren aurkako protokoloa
  • Datuak Babesteko Europako Erregelamendura egokitzapena
  • Erosketa prozedura
  • Urteroko auditoria ekonomikoa

5.- Salaketa kanala

Kode honetan jasotako jokabideak nahitaez bete beharrekoak dira eta ez-betetzeak salatu egingo dira. Kode hau bete ezean, indarrean den araudiaren araberako zigor eta isunak ezarri ahal izango dira, arau hauslearen gainerako erantzukizun penalak eskatzeko aukera baztertu gabe.  
Kode etikoan aipatzen diren printzipio eta konpromisoen betetzearekin lotuta, partehartze eta salaketa kanalak antolatu dira. 

Kanal hauek erabilgarri daude, alde batetik, kode etikoaren alor bat edo gehiagoren balizko ez betetzea erregistratzeko aukera izateko, eta baita ere, Oteitzak egindako Arrisku Penalen Autodiagnostikoan atzemandako delituzko jokabideak eta jokabide zantzuak salatzeko.
Oteitzak behar bezala bermatuko du jasotako salaketaren edukia, inplikatuta dauden pertsonen konfidentzialtasuna, eta errepresaliarik ez egotea salaketa-egilearen aurka. Era berean, salaketa era anonimoan egiteko aukera emango du, beti ere, salatzaileak anonimotasunaren aldeko hautua egingo balu.
Oteitzan talde independente bat sortuko da (Betearazpen Batzordea) Kode Etikoa aplikatzean sortzen diren gertakariak izapidetu eta ebazteko, baita egindako salaketak bideratzeko ere. Betearazteko Batzordeak ondoko kideek osatuko dute:

  • Zuzendari orokorra
  • Administrari Burua
  • Prebentzio ordezkari bat
  • Zaingo Batzordeko legezko ordezkaria den langilea 

Betearazpen Batzordearen ordezkaria Zuzendari Orokorra izango da.
Izendapena eta kargu aldaketak ikasturte guztirako egingo dira irailak 1etik aurrera eta beti ere, urria amaitu baino lehen egingo den ikasturteko lehen bileran, eta bileraren aktan jasoko dira. Izendapen berria egin arte, aurreko ikasturtean izendatutako pertsonak Betearazpen Batzordeko kide izaten jarraituko dute.

Kode hau haustea edo ez betetzea eragiten duten jokabideen berri duten langile edo hirugarrenek, kanal hauek erabiliz egin dezakete salaketa:

Salaketa bat jasotzen denean, organo betearazleak 7 egun baino lehen salatzaileari salaketa jaso izanaren agiria bidaliko dio, salketak ikertzeko prozedura abiaraziko da.

Idazkaritzako Ordutegia

Astelehenetik asteazkenera

  • 07:45 - 19:00

Ostegun eta ostirala

  • 07:45 - 16:00