Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatuentzako dago pentsatua; ikastetxe horiek 16 eta 30 urte bitarteko gazteak behar dituzte izan, lanbide-heziketako prestakuntza-zikloren batean matrikulatuta, halako moldez non ikasleek ikastetxean eta enpresan txandaka ikasteko aukera izango duten.
Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa duala ikastetxeen eta enpresen baterako parte-hartzearen bidez garatuko da, eta enpresek ikastetxeen eskura jar ditzakete lanbide-modulu edo prestakuntza-modulu zehatz batzuk erabat edo partzialki emateko guneak, instalazioak edo adituak.
Ikastetxean, dagokion araudian ezarritako espezialitate edo titulazioetako irakasleek emango dituzte prestakuntza-jarduerak. Enpresak guneak, instalazioak eta langile adituak jarri ahal izango ditu bertan emango den prestakuntzarako.
Ikasleek enpresan egingo duten lanak lotura estua izan behar du heziketa-zikloko lanbide-profilarekin eta programatutako espezializazioekin. Horrenbestez, produkzio-emaitza lortzeaz gainera, enpresan egindako lan horiek ikaskuntza bideratu behar dute, eta, azken finean, tituluari dagozkion gaitasunak, espezializazioari dagozkionak, eta beste gaitasun pertsonal eta sozial batzuk eskuratzea bideratu behar dute.
Ikastetxean egindako prestakuntzaren iraupenak errespetatu beharko ditu, gutxienez, dagokion titulua sortzeko Errege Dekretuan modulu bakoitzari esleitutako orduak, eta ezingo ditu gainditu Euskal Autonomia Erkidegoko curriculuma ezartzeko Dekretuan modulu bakoitzarentzat ezarritako ordu-kopuruak.
Prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuan oinarritutako programa batean parte hartzen duten ikasleak Lantokiko Prestakuntza modulua egitetik salbuetsita geratuko dira, erabat edo partzialki. Erabat salbuetsita geratzeko, kontratu-aldia urtebetekoa izan beharko da gutxienez. Proiektuari dagokion modulua, halakorik balego, enpresako lanaren testuinguruan garatu ahal izango da.